Lehendabiziko mezu orokorra (Jesus Mari Txurruka)

Kaixo denoi:
Honezkero zerbait entzunda izango duzue ospakizun bati buruz. Datorren urteko otsaila inguruan egiteko asmoa dugunez, oraindik ez dago gauza handirik zehaztuta. Euskara errektoreordearen aurrerapenei buruz oraindik ez zaidanez ezer iritsi (hiru kanpusetako zenbait irakasle omendu nahi dituzte), une honetan soilik Zientzia eta Teknologia Fakultateko asmoen berri eman ahal dizuet.
Bestela esanda, ospakizun bat egitera goaz datorren urteko otsaila inguruan, lehen sei promozioko jendearekin: orain dela 30 urte hasi zirenekin hasi eta orain dela 25 urte hasi zirenekin amaitzeko.
Beraz, tarte horretan euskaraz lehen maila egin zuenetariko baten bat ezagutuko bazenute, eskertuko nizueke aditzera emango bazeniote zein den gure asmoa, eta eskatuko bazeniote niri posta elektronikoaren helbidea eta telefono-zenbakiren bat bidal diezadala. Orain arteko gure asmoak ondokoak dira. - Gabonak eta Aste Santu bitartean egin ospakizun-ekitaldia. - Aukeran, ostiralen batetan. - Goiz erdi inguruan, Leioako campus-eko arboretum-ean lau zuhaitz landatu: zuen irakasleak izan ginenok bat, eta bi promozio bakoitzeko bana; hau da, 79-80 eta 80-81 promoziokoek beste zuhaitz bat, 81-82 eta 82-83koek beste bat, eta abar. - Lau puntu kardinalei begira, eguzkiaren biraketaren arabera ordenatuta: irakasleok ipar aldera (gu beti iparra markatzen), 79-80 eta 80-81 promoziokoek ekialdera begira legokeena, 81-82 eta 82-83koek hegoalderakoa, eta abar. Aditzera emanez, horrela, EHUko harmarrian dagoen "eman ta zabal zazu" lemari jarraituz, denon artean lau haizeetara hedatu dugula euskarazko jakituria. - Lau zuhaitzak elkarren artean lotuta daudela adierazteko, lurraren gainean hartxingarrez irudikatua, lauburu bat, beso bakoitzaren mutur zabal biribilaren erdian zuhaitza daukala. - Zuhaitzak landatu ostean, Aula Magnan ekitaldi akademiko bat, non zuetariko baten batek zeuen bizipenak kontatzeko (5-10 min) parada izango duzuen. Animatzen al da zuetariko baten bat bere burua horretarako eskaintzen? Lasai, inor ez egotekotan, "hatzamarkraziak" erabakiko du. Orduko irakasleren batek ere hitz egin behar lukeela irudituko zaizuenez, nik Joserra Etxebarria proposatuko dizuet (Ez dut uste ezezkoa emango didanik). - Adierazi nion Jon Irazusta euskara errektoreordeari (82-83 promoziokoa, gutarra beraz) Goio Monreal-i EHUk bere eskerronak eman behar lizkiokeela hasierako urteetan euskal lerroak bultzaten egindako lan eskergagatik eta ekitaldi honetara etortzeko gonbita luzatzeko eskatu nion. Ez dakit gestio horiek zenbateko aurrerabidea egin duten. - Agintarien (Goiorenak, oraingo errektorearenak edo euskara errektoreordearenak) hitz batzuk eta etorritako bakoitzari oroigarri bat (gure unibertsitateko harmarria duen pin bat-edo, hori baita ohikoena) banatzeko ekitaldia. - Ustekaberen bat prestatzeko asmoa daukat, baina (oraingoz) zantzurik ere ez dizuet emango. - "Piskolabis" bat, catering-eko enpresaren batek eskainia. Era horretan gure arteko harremanak errazagoak izango dira, "piskolabis" formatoak denok denokin egoteko aukerak errazten baititu. Ekitaldi horretan landatzeko proposatzen dudan zuhaitza zein den ikus dezazuen, ondoren doakizue esteka parea, bat eta bi. Agudo ibil zaitezte, zeren latinezko aforismoak dioenez, tempus fugit (denborak ihes egiten du) Oraingoz, besterik ez. Soilik gehitu etorriko direnen zerrendak gabonak aurretik osatuta edukitzea gustatuko litzaidakeela eta, halaber, ea zer irizten diozuen nire asmoei. Zuen ideia-ekarpenak ere eskertuak izango dira. Gaia argiago geratuko zitzaizuelakoan, hurrengora arte,
Jesus Mari