2010/03/04

E egunaren aurretik, esker onez

Bazirudien ez zela helduko baina ospakizunaren atarian gaude: 25 ordu falta dira sarrera hau argitaratzean. Bihar izango dugu elkar agurtzeko aukera (goazenok, ehun eta piku guztira) eta dena delakoagatik falta direnak gogoratzekoa. Ekimenak, gainera, badu isla; besteak beste, Sustatu.com-en sarrera bat eskaini digute. Halaber, beste komunikabide batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan. Ez dut uste hasiera batean hainbeste espero zitekeenik; eta nork pentsa arboretumean helizea osatzeko hamahiru tona harri botako zituztenik!

Ez dakit azkenean eguraldiak lagunduko duen, txartelak irakurtzeko modukoak izango diren, zuhaitzak behar bezala landatzeko modua izango dugun,  hizlariek nolako trebezia erakutsiko duten, opariaren tamaina edota piskolabisaren zaporea. Edonola ere, zilegi bekit, bezperan behintzat, ekitaldia eta topaketa gauzatzeko lan gehien egin duenari eskerrak ematea; beste batzuk, laguntzaile baino ez gaitu izan. Agian sarrera honen ondoren haserretu egingo zait, edota sekta autodestruktiboaren kutsuko erretolikaren bat "jasan" beharko dut (kar kar). 

Ez dut zalantzarik, lagunok: bera gabe, seguruenik, ezer gutxi izango genuke biharkoan. Mila esker, Jesus Mari Txurruka, "antolaketa batzordeko buru jauna"

No comments:

Post a Comment

Utzi hemen zure iruzkina. Mila esker!